Colaboraciones
03 de julio de 2008
Beste iruzur bat ote da?
Xanti Begiristain Madotz
Maiatzaren 31ko BERRIA egunkarian irakurri nituen Carlos Perez Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak (CDNkoa) egindako adierazpen batzuk. Hartan nagusiki zioen, beretzat garrantzitsuena eleaniztasuna bultzatzea zela, eta horretan ari dela jo eta su. Hori dela eta, berak hezkuntza eredu bakarra sustatzen du, eta hemendik aurrera ere hala sustatuko omen du, hau da, euskara ala gaztelania gehi ingelesa. D eredua ere, nahita nahiez “egokitu” beharko dela adierazi zuen.
Printzipioz, proposamen interesgarria irudi lezake, baina azter dezagun pixka bat eta ikusi zer gerta daitekeen. Euskara aukeratzen dutenek, hizkuntza hau gehi ingelesa gehi gaztelera ikasiko dituzte. Hiru hizkuntza. Oso ongi. Beraz, eleaniztasuna. Egia esan, horixe da gaur egun ikastoletan eta D ereduetan ikasten dutena. Horientzat ez dago berritasunik. Gainera, gogora dezagun gaur baino lehen ere, behin baino gehiagotan jaso dituztela azken horiek sari garrantzitsuak, euskara eta gaztelaniari eman beharreko tratamendua emateaz gain, ingelesari ere tratamendu egokia emateagatik.
Baina, orain ikus dezagun zer gertatuko den gaztelania aukeratzen dutenekin. Hauek gaztelera gehi ingelesa ikasi dituzte. Ez dut uste euskara ikastera behartuko dituztenik. Hortaz, gaztelania gehi ingelesa, bi hizkuntza ateratzen zaizkit. Horri elebitasuna deitzen zaio. Ez dakit non gelditzen den balizko “eleaniztasuna”.
Gu, buruz oso motzak ez baldin bagara, behintzat, hemen berehalaxe ikusten da ezberdintasun egoera bat. Joko arauak ez dira berdinak. Ez dirudi oso demokratikoa denik. Batzuei behartzen zaie gaztelera ikastera nahiz eta ez aukeratu, eta, hala ere, ongi iruditzen zait, gaztelania ere Nafarroa Garaiko hizkuntza ofiziala delako, eta, gainera, eleaniztasunera jo behar dugulako. Baina, gaztelera aukeratzen dutenei, aldiz, ez dut uste euskara ikastera behartuko zaienik, eta horri gaizki deritzot, euskara ere Nafarroa Garaiko hizkuntza delako, eta zaharrena, gainera. Non dago hor Perez Nievas jaunaren eleaniztasunaren aldeko apustua? Nik ez dut argi ikusten. Agian, miope samarra naizelako izanen da.
Zori txarrez, nik susmo bat daukat, alegia, uste dut hau, berriz ere izanen dela trikimailu maltzur bat euskara eta D eredua balaztatzeko eta indarra kentzeko, eleaniztasunaren aitzakia merkearekin. Nahiago nuke guztiz oker banengo. Hala balitz, gustura hartuko nuke ardotxo on bat, esaterako, Perez Nievas jaunaren eleaniztasunaren osasunean.
Iruñea, 08-07-03





Si no ves aquí un comentario que hayas hecho recientemente es porque está en curso de moderación
Escribir un comentario :
En Nabarreria.com puedes expresar tu opinión sobre todas las noticias, y aquí aparecerán todos los comentarios que envíes.
La sección está moderada, y los textos no se publican directamente, con el fin de poder ser supervisados en la redacción. Nabarreria.com se reserva el derecho a rechazar aquellos comentarios que no guarden unas mínimas normas de respeto hacia los demás.