Colaboraciones
21 de agosto de 2008
Zizur Nagusiko Udalak Euskararen Ordenantza onartu du
Administrazioan euskaraz taldea
Administrazioan Euskaraz taldeak bere iritzia eman nahi du Zizur Nagusiko Udaleko Euskararen Ordenantzaren inguruan.
2008ko ekainaren 19an sartu zen indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2008.go ekainaren 4an argitaratu ondoren.
LEHENENGOA.- Nafarroako Gobernuak euskararen araudia aldatzeko bere gurutzada hasi zuenetik onartutako eremu mistoko lehenengo Ordenantza da. Beraz, kolpe psikologiko hori gainditzea dakar Ordenantza honek.
BIGARRENA.- Euskara udalerriaren berezko hizkuntza jotzen du, gaztelaniarekin batera. Hau, Ordenantzarekin batera, euskarari ofizialtasunaren balioa aitortzea bezala da.
HIRUGARRENA.- Eremu mistoko beste Ordenantzen aldean, hauxe da azpimarratzekoa: Zerbitzu publikoen kontratazioetan, euskara erabiltzeko bermatze aldera, irizpideak ezarriko direla zehaztea. Baldintzen Pleguetan hau garatzea beharrezkoa izanen bada ere, eta hor honen eraginkortasuna gauzatuko bada ere, zalantzarik gabe, aurrerapen garbia da, orain arte zerbitzuen kontratazioak egiten zirenean hizkuntz eskubideak desagertzen baitziren.
LAUGARRENA.- Oro har, Ordenantzak euskararen sustapena bultzatzen du, elebitasuna bultzatzen du eta hizkuntz eskubideen aldeko joera dauka. Beraz, balorazio positiboa merezi du, alde horretatik.
BOSGARRENA.- Hala ere, hutsune bat dauka. Lanpostuetan, euskara jakitea beharrezkoa ez denean, merezimendu gisa baloratuko dela zehazten du. Segidan, deialdien esku uzten du horren balorazioa, euskaldunekin komunikatzeko eskubidea bermatzea kontutan hartuta.
Ordenantzaren 2. artikuluan helburuak zehazten dira eta bat hauxe da: Jakin behar ez den lanpostuetan euskara baloratzeko portzentaia zehaztea. Gero, ordea, artikuluetan ez du hori egiten eta lehen bezala uzten ditu gauzak: Deialdi bakoitzaren esku.
Deialdien oinarriak paratzea alkatearen eskumena denez, alkatetza Nafarroa Bai-ren esku dagoen bitartean, pentsa daiteke euskara behar bezala baloratuko dela. Baina zer gertatuko da UPNk edo PSN-PSOEk eskuratzen badute? Ordenantza ukitu gabe ere, bere balioa hustuko dutela, merituko portzentaiarik ez zehazteagatik. Hau da, Ordenantza ukitu barik, euskara baztertzeko aukera izanen badute, garbi dago hor Ordenantzak hutsunea duela.
SEIGARRENA.- Zizur Nagusiko Udaleko Kultur Patronatuak Ordenantzaren segimendua eginen du, betetzen ari ote den kontrolatzeko. Zalantzarik gabe, hor erabakiko da Euskararen Ordenantzaren etorkizuna. Euskalgintzak hor sartuta egon behar du, gainean, dena paper errea bihurtuko ez bada.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA






Si no ves aquí un comentario que hayas hecho recientemente es porque está en curso de moderación
Escribir un comentario :
En Nabarreria.com puedes expresar tu opinión sobre todas las noticias, y aquí aparecerán todos los comentarios que envíes.
La sección está moderada, y los textos no se publican directamente, con el fin de poder ser supervisados en la redacción. Nabarreria.com se reserva el derecho a rechazar aquellos comentarios que no guarden unas mínimas normas de respeto hacia los demás.